jueves, 21 de diciembre de 2023

San Tomas Eguna

Abenduaren 21ean ospatzen den San Tomas azokak, gure euskal tradizio eta ohituretatik edaten du eta orotariko publikoarentzat aisialdirako ekintzak eskaintzen ditu: baserriko animalien erakustaldia, musika emanaldiak edo bizi-biziko taloen prestaketa, besteak beste.

Urtero-urtero Euskal Herri osoan gogo handiz ospatzen dugula San Tomas Eguna. Kaleak argiz josita eta gabon giro zirraragarrian murgilduta daudelarik, milaka eta milaka pertsona hiriguneetan biltzen gara baserritarren jai tradizionalarekin bat egiteko. Hotza hasia dela gainera, ezinezkoa da txorizo eta odoloste talo beroen usain gozoari uko egitea.

Tradizio luzeko jaia da San Tomas. Bilbon, azoka XIX. mendean ospatu zen estreinakoz. Hasiera baten salmahaiak Plaza Zaharrean zeuden (San Anton elizaren alboan, egun Erribera merkatua dagoen tokian). Bertan Bilboko portua zegoen, beraz, jendetza biltzen zuen gunea zen.

Urteek aurrera egin ahala, hiria eraberritzen joan zen eta XX. mende hasierako merkatua Plaza Berrira eskualdatu zen. Gaur egun, Plaza Berrian eta Areatzako parkean egoten da festaren bihotza. Aurtengoa 73. edizioa izango da eta abenduaren 21ean ospatzen jarraituko da hiru arrazoi historiko direla medio.

Alde batetik, urte batetik bestera aldatzen doan arren, abenduaren 21ean neguko solstizioa izan daiteke. Euskal kultura eta mitologiarentzat solstizioa oso garrantzitsua izan dira betidanik. Izan ere, solstizioak udazkena bukatu dela esan nahi du, eta ondorioz, uzta guztia bilduta dagoela: animaliengandik eratorritako jakiak eginda daude, eta ardoak eta sagardoak dastatzeko prest daude. Momentu ona da beraz baserritarrentzat bildutakoa saltzeko eta datorren urterako distribuzio kontratu berriak sinatzeko.

Halaber, Gabonak gertu daude eta baserritarrentzat salmenta aukera paregabea azaltzen da, hiriko jendea azokara gerturatzen baita Gaboneko otorduetarako janaria erosteko.

Beste alde batetik, aitzina baserritarrek haien baserrien alokairua uzta-biltze amaieraren eta Eguberri egunaren artean ordaintzen zuten. Beraz, alokairurako dirua biltzeko aukera izaten zuten azoka berezi honetan.

Merkatura joan nahi izanez gero, merezi du goiz jaikitzeak eta garraio publikoan joatea Bilbora. Askoz hobeto pasatuko duzulakoan gaude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario